|
IRUN
ERRUGBI KLUBAREN HISTORIA
Irun Errugbi Klubaren jatorria jakiteko hogeita hamar urte baino gehiago atzera
egin beharko genuke eta Real Union tabernan kokatu, han ekin baitzioten "biltzar
sortzailea" asko ausartuta esan geniezaiokeenari. Baina inork ez dezala
pentsatu zuzendaritza, bazkide eta formalismo kontuak zirenik. Ez, horixe. Lagunarte
batek, kirola egiteko gogoz eta 20 urte baino gehiago ez zutela, "potoan"
txanpon batzuk bildu eta baloi obalatu bat erosi zuen. Horrela sortu zen Irun
Errugbi Kluba.
ITSUEN HERRIAN,...
Hurrengo egunean, haietako batek, Manuel Mari Oskizek
hain zuzen, Donostiako Centauro desagertuan urte betez jokatu baitzuen, zekien
apurra besteei irakasten hasi zen. Hondarribiko hondartzan hartu zituzten trebetasunik
gabeko lehenengo zartadakoak. Udaberria zen, eta udazkena iritsi zenean, liga
erregionalean lehiatzen hasi ziren, ilusioz beteta erabat, baina kirol honen
oso "sekretu" gutxi zekitela. Gainerakoa denborarekin etorriko zen.
BIDE LUZE ETA GOGORRA
Irun Errugbi Klubaren historiak antzekotasunak gordetzen
ditu basamortuko beduinoekin. Eta ez, hain justu, jantziagatik, baizik eta ibiltari
izaeragatik, beti inorenak ez diren lurretan. Irungo kirolaren nomadak bihurtu
ziren. Baina, azken batean, auzoko dituzten atletek ere ederki asko dakite zer
den batetik bestera ibiltze hori.
Lehen urratsak Antiguo taldearen zelaian eman zituzten.
Bien bitartean, Manuel Mari Oskiz soldaduska egiten ari zen Bentasen, bulego
lanetan, eta han ezagutu zuen Teniente Koronel Saracibar. Konbentzitu egin zuen,
eta berak eraikiarazi zuen, orain, zendu zelarik, bere izena daraman kuarteleko
zelaia lehen aldiz zibilez osatutako talde batek erabiltzeko aukera izan zezan.
Irungo errugbiak bazuen lekua entrenamenduetarako eta
partida ofizialak jokatzeko. Berahala bihurtu zen jarraibide, eta hainbat klub
ilaran jarri ziren. Ez alferrik, hura baitzen Irungo joko-zelai bakarra, Stadium
Gal aparte.
LEHEN IGOERA, LEHEN ERBESTERATZEA
Garaiak aldatuz doaz, eta lagunarte hura neurria hartzen
ari zitzaion baloi obalatuaren kirolari. Ondorioz, mailaren igoera heldu zen
eta, orduan, Federazioak hartu zituen neurriak, erabakiz Bentaseko zelaia ez
zela erreglamentuzkoa estreinatu behar zuten mailan. Entrenatzeko erabiltzen
jarraitu zuten, baina Hernaniko Landarera joan behar izaten zuten partida ofizialak
jokatzera. Gezurra badirudi ere, hurbilen zegoen zelaia zen, eta irtenbideren
bat aurkitu beharrean zeuden.
GOBERNATZEKO BIZIOA
Udalarekin harremanetan jarri ziren. Orduan, Bergaretxe
zenak gobernatzen zuen eta erantzun argia eman zien, honako hau gutxi gorabehera:
"Irunen 100 arazo baldin badaude, zuena 99.a da". Alegia, ateak itxi
zizkien; bestalde, orduan ohitura zabalduxea zen horrela jokatzea. Eta, gainera,
haren semeak gazteen taldean jokatzen zuelarik.
Etsi egin behar, eta bestaldera begiratu. Patuak nahi
izan zuen: Irungo Ikastolak, gaur egun kokatzen deneko Jaizubiako lurrak erosiak
zituelarik, ez zuen dirurik eraikitzen hasteko. Ikasleak herriko zenbait zentruko
geletan banatzen zituzten. Behin-behinean, obra egiteko bitartekoak lortu artean,
Errugbi Klubeko kideei baimena eman zieten solairua erabiltzeko. Beren kabuz,
aldagela bat eraiki zuten...sekulan erabiliko ez bazuten ere. Euskararen zorionerako,
nonbaitetik sortu zen gaur egungo Txingudi ikastolaren zimenduak jartzeko adina.
Lastima, ordea, errugbikoak berriz ere ezer gabe geratu zirela, esker oneko,
hala ere, burutu ezin izan zen maileguagatik.
Hurrengo eskalafoiak izen nagusi bat izan zuen: Rodriguez
Salis, Urbanizadora Jaizkibel-ekoa. Arazoa ulertu zuen, eta lursaila utzi zien
Anakan, Urdanibiako auzotik ez oso urrun. Lautu zuten eta zelaia egin, baina
han ez zuten jokatu lehiaketako partidarik, ez baitzuten aldagelak eraikitzeko
baimenik.
UDALAK ERE ALDATZEN DIRA
Eta hara, udalak ere aldatu egiten dira azkenean. Bergaretxek
bere "erbesteratzea" jasan behar izan zuen, eta Julen Elgorriagak
presiditu zuen lehenengo udal gestora. Urte haietan, Plaiaundiko asmoa zertzen
hasia zen, udalaren asmoetako bat baitzen hura kirol-gune bihurtzea, eta errugbiak
han aurkitu behar zuen, azkenean, bere habia. Baina hori urte batzuen buruan
gertatuko zen, eta, bien bitartean, behar-beharrezkoa zen irtenbideren bat aurkitzea.
"ESPIOITZAK" LARREAUNDIRA ERAMAN ZITUEN.
Errugbi taldeak KGBren sukurtsala zirudien: han eta
hemengo lurrei begira, jabea nor zen ikertzen, beren egoeraz errukituko zen
arima eskuzabal baten bila. Inork ez zuen onartzen udalak behin behineko irtenbidea
ematea, betiko irauten duten horietakoa hain zuzen. Behin betikoa izan behar
zuen, Plaiaundikoa esaterako; baina hura mantso joango zen, hala beharrez: lurrak
erosi, proiektua egin eta abar burokratiko luzea.
Eta, hara non, eta Larreaundin hondkaindegi bat zegoen.
Erdia parrokiarena, eta beste erdia, Aramburu eraikitzailearena. Guztiak jarri
ziren ados hondakin-biltegi hartan zerbait egin beharra zegoela. Gainerakoa:
zulakaria sartu eta lurra lautu. Gastuak udalaren eta klubaren artean partekatu
zituzten.
Iberduerok linea elektrikoaren norabidea aldatu zuen,
altuera txikian zeuden klabe batzuk errugbian jokatzea galarazten baitzuten.
Iberduero berak -ez zutela jakin egingo nuke apustu- "merke utzi"
zizkien eskuz egin zituzten ateak egiteko tuboak. Klubak berak ordaindu zuen
argia jartzea eta, azkenean, Irungo errugbiak bere zelaian hartu ahal izan zituen
zenbait bisita, nahiz eta hura zelai ofiziala izatetik urrun egon.
Ohi denez, askok jaso zuten errugbiak lortu zuenaren
onura. Haiek ez zeudenean, futbol-partidak egiten zituzten. Gero eta gehiago.
Eta gero eta ordu gutxiago sustapenari, harrobiko lanari, ekiteko. Funtsean,
ahuleziaz, errugbiaren beraren heriotza etorriko zen horrela, aukera itotzen
baitzen gazteen bizigarriz berritzeko.
Urtetan ordaindu zen klubean sortu zen belaunaldien
desfasea; baina horri ere konponbidea eman zitzaion -ederki asko gainera- Plaiaundiko
udal zelaira joan zirenetik. Garai horretan, seniorretan, jokalari gazte dezente
sartu ziren; kadeteen eta gazteen mailetan euskal tituluak eta Espainiako txapelketetan
dominak lortu zituzten gazteak ziren, Irungo harrobia estatuko onenen artean
baitzegoen.
90etako hasieran, Lehen Mailako goia lortu zen, baina
eskarmentu faltak mailaz jaistea ekarri zuen. Orain, taldea Euskadiko Ligan
sendotu delarik, Plaiaundi ere ez bide da izango zelaiaren behin betiko lekua.
Interes ekologikoak tarteko -betiere garrantzizkoak- berriz ere beste norabait
joan beharko dugu. Ea oraingoa behin betiko den.
|